Gaindegia

 
Elkartearen xedea Euskal Herria ekonomia eta gizarte alorrean bere nazio garapenerantz kritikoak diren arloak zertan diren ezagutu eta nazio ikuspegiz aztertzea da. Euskal Herria osatzen duten lurralde eta sektoreen arteko lankidetza beharrezko ikusten dugu Herri ikuspegia duten pentsamendu eta praktika ekonomiko eta sozialak eragiteko.

Gure xedea nazio garapenari lagunduko dioten ezagumendu eta jarrerak sustatzea da. XXI. mendean ekonomia eta gizarte alorreko nazio garapena bultzatu nahi dutenek ezagutzen eta pentsamendu mailan behar dituzten lanabesak eskaintzea dugu helburu.

 

Euskal Herria ezagutu:

Euskal Herria elementu objektibo eta subjektiboen batura da. Bere barne errealitateak zein kanpoko faktoreek eragiten diote. Gertatzen zaiguna behar bezala ulertzeko ezinbestekoa da Euskal Herriaren argazki ahalik eta zehatzena egitea, gogoetaren oinarri izan dadin.

Gogoeta egin eta eragin:

Herri kolonizatua gara, gure gizarte zein ekonomiak bizi dituzten arazo zein soluzioen gaineko pentsamendua eta diskurtsoak ez du Euskal Herria kontuan hartzen, ez honen arazoak, ez honen aukerak. Jada Euskal Herria osatzen duten lurraldeen etorkizunarentzat gainerako euskal lurraldeekin batera lankidetzan eta osagarritasunean jardutea da garapen ekonomiko eta soziala bermatzeko oinarri eraginkorrena. Bide hori egiten lagunduko digun pentsamendua eguneratu eta sustatu nahi dugu.

Sareak sustatu

Elkarrekin bizi ez bagara nekez osatuko dugu herri bat. Antzeko arazoak edo aukera osagarriak dituzte gaur egun Euskal Herriako eragile ekonomiko eta sozialek. Lankidetza sareak sustatuz bakarrik hasiko gara gure arazoei neurria hartzen eta denontzat lagungarriak gertatuko diren dinamikak pizten. Zatiketa gainditzeko aukerak ezagutu eta jarrerak aldarazi behar dira.